XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Naturalista eta bere Doblea

Vicente Molina Foix

Vicente Ameztoy-ren collected works probisionalki ikusita burura datorkigun lehendabiziko galdera, eta horixe da hain zuzen egiazko artearen aurrean egin daitekeen gauza bakarra: bere aurrean jarri, hil ala bizirako, zutik edo aulkian eserita, belarriak ikustezina denaren zurrumurruari zabaldu, eta lotsarik gabe galdegin, beldurrez galdegin, sibilari galdetzen zaion bezala, zenbat gauza esan nahiko ez diguten jakinaren gainean gaudela,lehendabiziko galdera, hain zuzen, berriro diot, beren lekuz kanpoko izateari buruz izango da.

Bigarrena, buru jakinmin honetan dagoeneko irten beharrean pilatzen ari dena, baina geroagorako uzten dudana, denboraz kanpoko izateari buruz da, garaiz kanpoko izateari buruz (Unzeitgemampauml;ss, Nietzscheren zentzuan, denboraz kanpokoa, are garaiz kanpokoa ere, filosofilari alemanak bere buruaz ari zela zioenean bezala, entusiasmoak, deskontentuak eta deitoreak agintzen duten jarrera bat alegia).

Lekuz kanpokotasuna, lehendabizi.

Orohar Espainia deitu ohi den izakizun edo ustekizun horretako pinturaren alorrean eremuak mugatzen baldin baditugu, Hegoaldetik Iparraldera, nazio batetik beste lurraldera, naturaren pintura ez bait da naturala izan hemen.

Hegaldi mistikoz eta barne gazteluz egina den hemengo tradizioan, paisajismoaren izaera airezkoa, pastorala, kirol izaera edo sporting, esango genuke, hori baino gauza ingelesagorik ez bait dago, sendotasunik gabea, axalekoa, gure jendearen betidaniko izaera sufrituari ez dagokiona dela iritzi izan da beti.

Ez dut Ameztoy artista bukoliko edo pleinairiste bezala jarriko. ez horixe, ezta ipar herrietako paisaia margolarien gisara ere - arima ilargizko, saturnistazkoaren paisaia, eguzkiaren alaitasunaren argitara batere jartzen ez direnen gisara.

Ameztoy-k erabili egiten du paisaia, bere irudimeneko irudiak hartan jartzeko.